Erakusketaren babeslea:

Sarrerak erosi

Menua

Bideoa ez ikusi

Erakusketaren babeslea:

Ba al
zenekien?

AIDS you can’t catch it holding hands, azala. Niki de Saint Phalle (1987)

 

Niki de Saint Phalle Estatu Batuetan genero, arraza, kulturaniztasun eta indarkeriari lotutako gaiez kezkatu zen lehen artistetakoa izan zen, baita 1980ko hamarkadan hiesaren aurkako borrokari eta beste gizarte-arazo batzuei aurre egiten aurrenetakoa ere.

Niki de Saint Phalleren konpromiso soziala

Urte horietan sortu zituen hainbat proiektuk GIB birusa edo hiesa zutelako gizarte-bazterketako arriskuan zeuden pertsonei babesa ematen zieten; adibidez, garezurrak eta bihotzak margotu edo ispilu zatiz estaltzen zituen preserbatibo formako eskultura koloretsuen eta zirraragarrien proiektua aipa daiteke. Eskultura horietan bistakoa da, hiesa bezalako hain gai zail eta suntsitzailea landu arren, artistak bizitzaz duen ikuspegi alaia eta dibertigarria.

Gainera, Saint Phallek AIDS: You Can’t Catch It Holding Hands izenburua zuen liburua idatzi eta ilustratu zuen; 1987an argitaratu zuten hiesaren prebentzio-kanpainak babesteko. Liburua Philip bere semeari zuzendutako gutun batekin hasten da. Saint Phallek oso gustukoak zituen marrazkiz eta sinboloz betetako gutunak idaztea lagunei eta senitartekoei.

 

Liburuan, animalia eta pertsonaia fantastikoak –artistaren buru nekaezinaren emaitza– eta mezu soil eta zehatzak, adibidez, “Badator hiesa” edo “Nerabeak: kontuz ibili festetan edariekin eta drogekin” —haurren estiloko letra xumez idatziak—, elkarren ondoan azaltzen dira. Irudi eta mezu horiek behin eta berriz agertzen dira Saint Phalleren lanean. Erakusketaren gune didaktikoa bisitatzen baduzu, hiesari buruzko liburuaren informazio gehiago eta liburuaren kopiak aurkituko dituzu, kontsultarako.

* Bitartean, hemen egin dezakezu klik liburuaren lehen orrialdeak ikusteko.

Kalifia Erreginaren Zirkulu Magikoa,
Escondido, Kalifornia.
©Niki Charitable Art Foundation, Santee, AEB

Proiektu publikoak eta edizioak

Saint Phalleren arte publikoa parketan eta plazatan dago, baina, batez ere, naturaz inguratutako leku zabaletan. Bertan, iturri, eskailera eta txirrista artean, arkitektura-eskulturak daude ikusgai; batzuetan, gainera, bertan ere bizitzeko prestatuta daude. Artistak zera esan zuen: “Nire lanak gehiengoarentzat dira”.

Saint Phallek 1970eko eta 1980ko hamarkadetan hainbat objektu egin zituen: bitxiak eta lanpara bat (edizio mugatukoak) eta lurrin poto bat. Horietako batzuen salmenten etekinek Garavicchio-ko Tarotaren lorategia (Toscana, Italia) finantzatzeko baliagarriak izan ziren: “Eskultura bat egin nuen merkatu handian saltzeko lurrin baterako, eta lurrinaren etekinek finantzatu zuten lorategia. 1930eko hamarkadara itzuli nahi nuen, eta artistek diseinatu ohi zituzten poto eder horiek gogora ekarri”. Saint Phalle 1978an hasi zen lorategi hori eraikitzen, eta hogei urte eman zuen horretan. 1998an ireki zen, eta artistak egia bihurtutako amestzat jo zuen; zendu arte, 2002ra arte, lan egin zuen lorategian.

 

Tarotaren lorategia egiteko, Antoni Gaudíren Bartzelonako Güell parkea, Italiako Bomarzoko “munstroen parkea”, Frantziako Ferdinand Cheval-en Jauregi Ideala (Hauterives-en) eta Los Angelesko Watts dorreak izan zituen inspirazio-iturri Saint Phallek, besteren artean.

Artistak tarot-karten 22 arkano nagusiak bere modura interpretatu zituen eta paisaia paregabea eraiki zuen: bertan arkitektura naturarekin eta espiritualtasunarekin modu zirraragarrian uztartzen da. Hango eskulturen metalezko barne-egiturak tokiko artisauek egin zituzten, eta ondoren hormigoiz estali eta mosaiko koloretsuz apaindu zituzten.

 

Lorategia egin bitartean, Atlantikoaren bi aldetan lanean jarraitu zuen Saint Phallek. 2000. urtean Kalafia erreginaren zirkulu magikoa (Queen Califia’s Magical Circle) eskultura-parkearen diseinua eta planoak egiten hasi zen. Parke horretan Kaliforniako hastapenen eta historiaren interpretazioa egin zuen, eta barne hartu zituen lurralde horretako mito eta elezaharrak, ipar eta mesoamerikako kulturak eta bertako flora eta fauna. San Diegotik gertu, Kit Carson Park parkean, Escondidon, eraiki zuen. Kaliforniari egindako omenaldia da; izan ere garai horretan inguruan bizi zen artista. Emakumez soilik osatutako erreinu bateko erregina beltza du pertsonaia nagusi: Kalafia. Pertsonaia mitologiko hori Kaliforniarekin lotzen da, eta Saint Phalleren hitzetan, “boterean zegoen emakumea” zen.

“Eskultura-parke erraldoia egiteko ametsa nuen; baina , ordurako ez zegoen mezenas handirik. Zera pentsatu nuen: ‘Zergatik ez izan neure mezenasa?’ ” Niki de Saint Phalle, 1985.